Nazareno Eguna

2013/01/17 | Posted in Kontzertuetako abestiak | By

Urtero bezala, arrantzaleen betiko ohitura zaharrei jarraituz eta hotz eta euriari aurre eginez, Nazareno Eguneko kontzertua eskainiko du Mutrikuko Musika bandak igande honetan, hilak 20, eguerdiko ordu batean. Kontzertua Zabiel Plazan izango da baina euria egingo balu, eta seguruenik egingo du, kontzertua Zabiel Kultur Etxeko ganbaran izango litzateke.

 

Ohitura den bezala, goizeko hamar t’erdietan kalejiran abiatuko da Mutrikuko Musika Banda Goiko Plazatik Komenturaino. Bertan, urteak joan eta urteak etorri, Meza Nagusia ospatzen da goizeko 11etan. “Mutrikuko marinelen artean oso handia da Nazarenoarenganako sinesmena. Eskaintza eta eskari asko egin izan dizkiote. Konparaziotarako, denboraldiak itsasoan harrapatu eta larri zeudenean Jesus Nazarenoari zuzentzen zizkioten beraien errezoak. Askoren ustetan, Komentuan Jesus Nazarenoari ereserkia eta agurra (“himnua ta salbia”) ateraz gero ez zen galtzen herriko arrantzalerik itsasoan” [kalaputxi]. Ikusten denez, ohitura zaharrek badute lotura musikarekin herri honetan.

Meza ondoren, eguerdiko 12ak aldera, berriz abiatuko da banda kalejiran Komentutik Goiko Plazaraino. Azkenik, eguerdiko ordu batean Nazareno eguneko kontzertua eskainiko du Mutrikuko Musika Bandak Zabiel Plazan (euria bada Zabiel Kultur etxeko ganbaran). Bertan sarrerako pasodobleaz gain, Guridiren El Caserioren hainbat doinu edota Paganini, Morricone edo Louis Armstrong musikarien zenbait moldaketa eskainiko dira.

Musika gustoko baduzue animatu zaitezte igande honetan gure kontzertua entzutera, gustu handiz hartuko zaituztegu!    

 

2012ko Nazareno Eguneko kontzertua

Read More...

Intxaur-hauskailua (I)

2012/12/14 | Posted in Kontzertuetako abestiak | By

Gabonak gertu ditugun honetan, vals eta baletetarako joera handia izaten da. Ezagunak izaten dira oso Errusiar Baletak, eta urtero izaten dira mota honetako ekitaldiak Euskal Herrian. Vienan ospatzen den Urte Berri Eguneko kontzertuak ere vals, polka eta martxa asko eskaintzen dizkigu. Hala ere, euskaldunok baditugu gure gabon abestiak. Baina guk ere Eguberriak eta baleta kutxa berdinean sartzen al ditugu?

Europan tradizio handia dago eta honen berri eman nahi dizuegu. Agian, ezagunena “Beltxargen aintzira” edo “El lago de los cisnes” litzateke, Tchaikowsky-k 1877an idatzia. Baina oraingoan beste balet baten inguruan arituko gara, “Intxaur-hauskailua” edo “El cascanueces”.

Suite honen zatiak honako hauek dira. Suitea mugimendu laburrez osatutako lan musikala da eta jatorriz barroko dantzaz osatuta egoten da.

    • Obertura (aurkezpena)
    • Dantzak:
      • Martxa
      • Azukrezko maitagarriaren dantza
      • Dantza errusiarra
      • Dantza arabiarra
      • Dantza txinatarra
      • Txirulen dantza
    • Loreen baltsea

 

 

Denbora tarte bat duzuenean balet hau ikusteko proposamena luzatzen dizuegu, eta bide batez, ariketa bat proposatu.

 

Balet honetako zatirik ezagunena “Loreen baltsea” edo “El vals de las flores” da. Baina bada beste zati bat ere guretzat oso ezaguna dena. Agian, beste dantza mota batekin lotu izan ohi dugu. Badakizue zertaz ari garen?

Erantzuna hurrengo astean emango dizuegu, bitartean bideoa ikus ezazue eta ea identifikatzen duzuen zeri buruz ari garen hizketan.

Read More...

Musika eta margolanak

2012/11/20 | Posted in Kontzertuetako abestiak | By

Musika konposaketa eta margolan ezagun asko dira subjektu beraren inguruan egin direnak. Beste kasu batzuetan, margolanari berari musika jarri izan zaio. L’Arlesienne lehenengo multzoko adibide argi bat da. Lehenik Bizet-ek konposatu zuen 1872an eta ondoren Van Gogh-ek marraztu zuen 1888an. Bide batez, kontzertuko kartelaren esanahia ulertu ahal izango duzue.

L’Arlésienne edo Madame Ginoux-en erretratua Vincent van Gogh-ek marraztutako sei irudiri emandako titulua da. 1888ko azaroan Arles-en eta 1890eko otsailean Auvers-en marraztu zituen. L’Arlésienne “lar lay zyen” ahoskatzen da eta “Arleseko emakumea” esan nahi du.

Irudian agertzen den emakumea, Marie Jullian, Arlesen jaio zen 1848ko ekainaren 8an eta leku berean hil zen 1911ko abuztuaren 2an. Joseph-Michael Ginoux senargaiarekin ezkondu zen 1866an eta elkarrekin ireki zuten Café de la Gare ezaguna Place Lamartineko 30 zenbakian. Van Goghek bertan hartu zuen ostatu 1888ko maiatza eta iraila bitartean.

Ordura arte, Van Gogh eta M. eta Mme. Ginoux-en arteko erlazioa funtsean komertziala zen, baina Gauguin artistaren etorrerak guztia aldatu zuen. Bere gizontasunak guztiz liluratu zuen 40 urteko emakumea eta 1888ko azaroaren lehen egunetan erretratatua izateko eskaerari baiezkoa eman zion. Ordu beteren barruan Gauguin-ek ikatzezko marrazki bat egin zuen eta denbora berean Van Gogh-ek ezaguna den artelana gauzatu zuen.

Gaur egun Pariseko Musée d’Orsayren aurkitzen da. Hala ere, bada bigarren bertsio bat Van Gogh-ek marraztua 1890ean eta New Yorkeko Metropolitan Museumen aurkitzen dena. Bertan, eskularruak eta euritakoa liburu batzuengatik ordezkatu zituen.

Santa Zezilia kontzertuko kartela, non Van Gogh-en margolana ageri den

Bestalde, L’Arlésienne Georges Bizet-ek konposatu zuen eta 1872ko urriaren 1ean taularatu zen lehen aldiz Vaudeville Antzokian (gaur egun Paramount Antzokia modura ezaguna dena), duela 140 urte hain zuzen ere. 27 zatiz osatua dago, ahotserako, kororako eta orkestrarako egina eta Alphonse Daudet-en novela batean oinarritzen da.

Gure kasuan interpretatuko dena bigarren suitea izango da. Suite hau Ernest Guiraud-ek konposatu zuen 1879an, Bizet lau urte lehenago hil baitzen. Guiraud-ek Bizet-ek utzitako oinarrizko doinuak erabili zituen (nahiz eta guztiak ez izan L’Arlésienne obrakoak). Hala ere, bigarren suite hau ere Bizet-ekin lotu ohi da berak idatzi baitzituen doinu eta orkestrarako moldaketak.

Suite honek lau mugimendu ditu: Pastorale, Intermezzo, Menuet eta Farandole.

Hasieran metalek sarrera moduko bat egiten dute, egurrezko instrumentuek melodiarekin jarraituz. Melodia hau hainbat zatitan errepikatzen da lehen mugimendu honetan zehar. Azkenik, hasierako doinura itzultzen da eta lehen mugimendua amaitzen da.

Bigarren mugimendua tonu grabeekin hasten da eta tronpa eta tronboiek jarraitzen diete. Guiraud-ek hamabi konpas gehitu zituen bukaeran.

Menuet-ean, izatez The Fair Maid of Perth operakoa (1866) dena eta ez L’Arlesienne-koa, flauta agertzen da bakarlari gisa eta beranduago saxofoi tenorea eta klarinete baxua gehitzen zaizkio (jatorrizko bertsioko ahotsen ordez). Hau da mugimendurik leun eta sentikorrena.

Azkenik Farandole dago, March of the Kings edo Erregeen Martxa gehitzen duena berriro ere. 22-24 zenbakien konbinaketa bat  da, non farandolea ageri den lehendabizi. Bukaeran biak nahasten ditu. Ondorengo loturan ikus dezakezue azken zati hau:

L’Arlésienne (Suite nº2): Farandole

Read More...

Juan Crisostomo de Arriaga: Mozart euskalduna

2012/06/25 | Posted in Kontzertuetako abestiak | By

Juan Crisostomo Arriaga Bilbon jaio zen 1806ko urtarrilaren 27an. Juan Simon de Arriagak, bere aita eta lanbidez organo jolea, txikitatik hezi izan zuen musikaren munduan. Gaitasun handiak zituela ikusirik, laster aurkitu zion musika irakasle bat, izenez Faustino Sanz, garaiko biolin jole ezaguna zen. Apur bat beranduago, bakarrik 11 urte zituela, bere lehen obra konposatuko zuen, “Nada y Mucho” izeneko okteto bat.

Bi urte beranduago, 13 urterekin, bere lehen opera idatzi zuen: “Los Esclavos Felices”, Opera Gauean lehendabizi interpretatuko dena hain zuzen ere. Hau 1820 urtean atera zen eszenatokietara lehendabiziko aldiz Bilbon; eta erabateko arrakasta izan zuen. Hau dela eta, bere aitak Pariseko kontserbatoriora bidaltzea erabaki zuen bere ezagutzak osotzera, Arriagak oraindik 15 urte besteri ez zituenean.

Los Esclavos Felices

Parisen garaiko musikari handiekin batera aritu zen. Biolinean Pierre Baillot izan zuen irakasle, armonian François-Joseph Fétis eta kontrapuntuan Luigi Cherubini. Kontserbatoriora iritsi eta hiru urtetara Fétisek irakasle laguntzaile izendatu zuen bere armoniako klaseetan.

Urte hauetan zehar konposatzen jarraitu zuen. Parisen idatzitako lehen obra “Et vitam venturi” izan zen, zortzi ahotsetarako fuga bat. Ondoren hiru sokarako kuarteto idatziko zituen, Fétisen gorespen guztiak eramango zituztenak.

1826 urte hasieran biriketako infekzio bat harrapatu zuen, eta honen ondorioz hil zen 1826ko urtarrilak 27an 19 urte besterik ez zituela. Heriotzaren ondoren, kutxa bat bidali zitzaion bere aitari Bilbora. Kutxan bere biolina eta eskuizkribuak zeuden. Kutxa hau ganbara baten ahaztua izan zen urtetan, bere oinordeko zen Emiliano de Arriagak, euskal mugimendu nazionalistan murgildurik, argitara atera zuen arte. Arriaga Antzokiaren sorrerarekin batera, bere izenari eta bere obrei bultzada berri bat ematea lortu zuten.

Bakarrik 23 obra konposatu zituela uste da, nondik zati handi bat galdu egin den. Beste batzuk Arriaga Antzokian daude gordeta, inoiz argitaratu gabeak izan direlarik. Bere musika estiloa Haydn edo Mozarten tradizio klasikoaren eta Rossini edo Schuberten erromantizismoaren artean aurkitzen da, hainbat berrikuntza eta freskotasun jakin bat txertatuz.

Beraz, orain badakizue Bilboko antzoki ezagunenaren izena nondik datorren. Eta garrantzitsuagoa dena, orain badakizue Euskal Herrian ere izan zela norbait, ez Mozart bezain ezaguna, baina bai Mozartek haina mirespen izan zuen musika-konposatzaile bat. Bere obertura gertutik ezagutu nahi baduzue gertura zaitezte larunbat honetan izango den Opera Gauera. Hau eta beste hainbat opera zati entzun ahal izango dituzue bertan.

Read More...

Mutrikuko Musika Bandak Trintxerpeko aste musikalean parte hartuko du igande honetan.

2012/06/02 | Posted in Kontzertuetako abestiak | By

Mutrikuko Musika Bandak kontzertua eskainiko du igande honetan Trintxerpeko Serafin Esnaola plazan eguerdiko 12:30tatik aurrera. Pasaiako udalak azken sei urteotan antolatu duen “Musikaz Blai” programaren barruan, igande honetan Trintxerpeko, Pasai Donibaneko eta Mutrikuko Bandek alardea eskainiko dute. Kontzertuak esanahi berezia izango du gure zuzendari Karlos Escuderorentzat, bera Pasaitarra izanik, Mutrikuko Musika bandarekin egin duen lana erakusteko gogoz izango baita.

Alardea izanik, normalean baino programa laburragoa eskainiko du, lau piezez osaturiko programarekin. Hasteko “Donostia” euskal pasodoblea, Tannhauser operaren “Coro de peregrinos”, “Bailando con Lobos” soinu banda ondoren, eta azkenik, azkenengo udaberri kontzertuan asko gustatu zen “Sing, sing, sing” izango dira entzungai.

Trintxerpe Mutrikutik aparte samar izan arren, Bandaren zaletu guztiei bertaratzeko gonbidapena luzatzen zaie, herriko banda entzutzeaz gain, Trintxerpe eta Pasai Donibaneko banden doinuak entzuteko.

Read More...