Gaur, zernahi jai edo ospakizun dela ere, zuzendariaren makilatxoaren gidaritzapean lerrokaturik ibili ohi diren musikarien presentzia guztiz arrunta zaigu. Nolanahi ere, sorreratik gaurdainoko ibilaldi luzea, ohi denez, ez da beti samurra izan, alafede. Gure herriko bandari gagozkiolarik, esan behar dugu, arazoak eta etenak tarteko, beti eutsi diotela tinko herritarrek nahiz herri agintariek egitasmo honi onik aurrera atera zedin. Zenbat herritarrek, lanbidez, pentsaeraz zein adinez ezberdinak, bandaren gerizpean berdinduak, ez ote du bere onena eman guztion gozamenerako? Tamalez, bere bizitza luzean bizi izaniko hainbat gertakari eta egintza, betirako, denboraren itzalean geratu diren arren, ezagutu ditzagun, xumeki bederen, historian zeharreko bere doinuz beteriko ibilaldi oparoa.

Historian zehar militarrek lotura estua izan dute betidanik musikarekin. Harreman horrek ez zuen, hala ere, gorputz nahiz oinarri zehatzik, harik eta 1762an Parisen, Biron mariskalaren aginduz, lau oboez, lau klarinetez, lau tronpaz eta lau fagotez osatutako musika militarreko lehen talde egituratua osatu zuten arte. Konposatzaileek, bestalde, talde hauen indar hartzea ikusirik, ohiko musika pieza aberrizaleez gainera, martxa, obertura nahiz pasodobleak ere sortzen hasi ziren, kontzertu egitarauak aberatsagoak bihurtuz. Musika mota honen etengabeko aurrerabidean, 1846an pistoidun saxofoia agertu zen Adolphe Sax belgikarraren eskutik . Honek eskaintzen zuen soinu aberastasuna ikusirik, metalezko beste hainbati ere erantsi zieten. Honek guztiak, zaletasuna hedatzen lagundu zuen eta musika mota arrakastatsu honen itzalean elkarte, banda zein txaranga zibilak sortzen hasi ziren han eta hemen. Soinu hauen haize berriak laster aurkitu zuen gure herrian ere lur joria.

1830. urteko agiri baten bidez dakigu hor ari zirela lehenagotik herritar zale andana, elkarte batean antolaturik, musika ikasteko lehen urratsak ematen, aurrera egiteko asmo sendoz ; “elkarte filarmonikoa sortu zenetik ahozko musika (solfeoa) ikasten jardundako zaleok, musika tresnak hartzeko prestaturik gaudela eta zale batek dituen instrumentuak saldu nahi dituelarik, eskatzen dugu nahiko lukeenak, azpian sinatzean, hilero 4 erreal (pezeta bat) bi urtez ordaintzeko ardura hartzen duela, aurtengo irailean hasi eta 1832ko abuztua bitartean, musika tresna multzo eder horretaz jabe gaitezen “. Hogeita hamar lagunek baino gehiagok eman zion baiezkoa asmo horri, nahiz eta hauen artean gutxi batzuek, emaniko hitza janez, epea agorturik ere, diru kopuru ezberdinak zorretan izan. 1831. urteko ekainaren erdialdera udal agintariengana ere jo zuten instrumentuen erosketarako laguntzaren bat eskatzeko. Musika elkartea sortzeko asmoa begi onez ikusten zutenez, hauetako batzuk elkarteko partaide baitziren, hiru mila errealeko (750 pezeta) laguntza eskaini zieten. Lehen zuzendaria Jose Santiago Iturrino (1802-1855) izan zen.

Harrezkero, 1850an iragan urteko kontuen berri ematen duen agiria agertu arte, isiltasuna nagusitu zen. Nolanahi ere, badirudi etenik gabe jarraitu zutela beren eginkizunarekin. Agiri honetan azaltzen dutenez, udalak urte horretarako 600 errealeko diru laguntza eman zien, ziurrenera, lehenagotik urterako izendatua izango zutena. Orobat, laguntzaz gain, beste 80 eta 50 erreal eskuratu zituzten udaletik Madalena jaietan jotzeagatik zein bi gauetan izan omen ziren antzerki edo komeriak girotzearren. Arrantzaleen kofradiak, bestalde, 80 erreal eman zizkien San Pedro zaindariaren egun handia alaitu zutelako. Horretan jarraitu omen zuten zorigaiztoko 1855. urtera arte. Udaldi horretan, herrian gangeria (kolera) izurritea bortizki hedatu eta uztailetik irailaren bukaera bitartean berrehun heriotzatik gora eragin zituen, herritarren artean izua eta etsipena zabalduz. Gertaera izugarri honek arlo guztietan izan zuen eragina eta, nola ez, baita bandan ere, ordura arteko bere ibilbidea guztiz etenda utziz. Bi urte beranduago, ordea, ordurako herri bizitza bere onera etorri zelarik, eta herri agintariek, herriko kaleek behiala ezagututako poz eta alaitasuna albait azkarren berreskuratu nahian, berriz banda berrantolatzea nahi izan zuten.
Oraingo honetan, egitasmo berria bultza zezan, Jose Francisco Iturrino (1821-1888), musikari mutrikuarra izendatu zuen udalak. Parrokiako organista ere bazen. Bere betebeharren artean, banda zuzentzeaz gainera, kide urritasunari aurre egin ziezaion, dozenaren bat gazte solfeoan nahiz musika tresna jotzen treba zitzala eskatu zioten. Era berean, udal batzorde batek bandako partaideek arduraz joka zezaten, musikarien betebeharrak zuzenduko zituen lehen arautegia prestatu zuen. Jose Francisco, musikari familia bateko seme zen, izen bereko aita ere parrokiako organista izan baitzen bere aurretik. Argitu behar, bidenabar, deitura eta zaletasun berekoak izanik ere, Jose Santiagok eta Jose Franciscok ez omen zutela ahaidetasun loturarik. 1857an heldu zioten, beraz, ilusioz asmoari eta urte batzuk lehengo instrumentuekin jardun ondoren, musika tresna berrien premia ikusirik, 1866. urtean, zuzendariak instrumentu berri batzuen beharra azaldu zion udalari. Urte bete luzez egon behar izan zuen, ordea, nahi hori gauza zedin. Horrela, Jose Francisco Iturrino, 1867. urtearen hasieran Baionara abiatu eta, nahi zituen guztiak lortzerik izan ez bazuen ere, bastuba, pistoidun bi tronboi, pistoidun kornetatxoa, 12 giltzazko ebanozko klarinetea, txinta parea, erredoblea bere uhalarekin, uhal bat dunbalarentzat eta baritono bat ekartzea lortu ahal izan zuen 2430 erreal ordainduta.

Arrazoirik ez dakigula, ordea, 1868. urtean berriro ere bere jarduera zantzuak desagertu egin ziren. Herrian, baina, banda izatearen guraria indartsua zen eta ez zuten edonola etsi. Urte batzuk musikarik gabe eman eta gero, 1882ko maiatzean, udalbatzak banda birsortzeko asmoa hartu zuen. Oraingo honetan, berriz, Nicanor Iturrino gaztea (1861-1919), azken zuzendaria izandakoaren semea, izendatu zuten musika banda gida zezan. Udalak, hasiera horretarako, hamahiru musika tresna berri erosi zituen, hala nola, txirulatxoa, fiskornoa, bi kornetatxo, errekintoa, baritonoa, hiru tronboi, bonbardinoa, bonbardoia, bastuba eta helikoia, guztira 3.340 erreal (835 pezeta) ordainduta. Musika bandak, zuzendariak eginiko lanari esker, geroz eta maizago eskaintzen zituen bere emanaldiak; Pazko-aldia zein prozesio erlijiosoak zirela, herriko jai, zezenketa, azoka, inauteri edota urtean zernahi jai ospatzen zela ere han izaten baitziren. Emanaldi hauetaz gain, gertatzen zitzaien, noizbehinka, ezohiko beste ekintzetan ere partehartze nabarmena izatea. Aipa ditzagun hauen artean, 1885an Arriturriaga Plazan Txurrukaren irudia inauguratu zenean, 1887ko udan, Maria Cristina aginte erregina Donostiatik Bilbora itsasoz zihoala, goratzera eta agur egitera udal agintariak bandarekin batera bi ontzitan bidera atera zitzaizkionean, edota 1897an portu berriaren inaugurazio ekitaldietan. 1888a aurretik, banda, 12-15 lagunek baino ez zuten osatzen; zuzendari horren lan eskergak, ordea, musikari kopurua handitzea lortu zuen. Gauzak horrela, eta beren autonomiatxoa izan nahirik, zuzendaria udalera zuzendu zen tarteka izaten zituzten otorduei, tresnen konponketei, partitura berriak erosteari nahiz gerta zitezkeen ustekabeko gastuei erantzun ziezaien, urtero 1600 errealeko diru laguntza eskatzera. Herri agintariek 1500 errealeko laguntza ematea onartu zuten. Urte horretan, aita hil zelarik, Nicanorrek haren ordezko organista lekua bete zuen, familiako hirugarren belaunaldiak etxeko tradizioari eutsiz.
Badakigu, bestalde, 1892an hogeitik gora lagunez osatzea lortu ahal izan zuela. 1898an, ekainaren 29tik irailaren 15era bitartean, igandero nahiz jai egun guztietan joaldiak eskain zitzaten eskatu zioten herri agintariek bandari, horren truke 250 pezeta eskainita. 1899ko uztailean, beren trebezia erakusteko parada ere izan zuten, Mutrikura Eulalia errege-alabak bisita egin zuenean. Honenbestez, XIX mendearen azken hondarrean, hor dugu, jada, oinarri sendoko banda, XX. mendean zehar ere, mutrikuarrei hainbat une gozo, alai eta hunkigarri eskaintzeko gertu.

XX. mendeak aldaketa ikaragarriak ekarri zituen orduko bizimodura. Bandak, orduko moral zorrotzari aurre eginez, bikote dantza “ lotsagabe ” haiek eskaintzean, gazte maitemindu belaunaldi bat baino gehiago gozarazi du bere ibilaldi luzean. Ez gerrak ez ondoko garaiak ez zuten nahikoa indar izan, sentipenak sentipen, mutrikuarron ondare paregabe dugun Banda desagertzeko bidean jartzeko. Santa Zeziliaren babesak izango zuen, ziurrenera, guzti horretan zerikusirik eta, nola ez, baita izandako zuzendari nahiz herritar musikari paregabe guzti haiek izatean.

Lehen musika banda

Mutrikuko lehen musika banda

Agintariek, iragan mendeko azken urteetan hasitako udaldiko igande nahiz jai egunetako musika emanaldiek lortutako onespena ikusirik, urtero bultzatzen jarraitu zuten hutsik egin gabe. Era berean, Debak musika bandarik ez omen zuenez, hor ageri zaigu bertako alkatea 1902ko uztailean Mutrikukoari eskabidea luzatzen, ordura arte ostegunetan soilik eskaintzen zituzten saioak igandeetara ere zabal zitzaten baimen eske. Baiezkoa eman zien, jakinaraziz Mutrikun emanaldia zazpietatik bederatzietara izanik, Deban lauretatik seietara bitartean izan beharko zuela. 1908an oraindik hor jarraitzen zuten Debara joaten, harako bidaia kamioietan eginez. Zuzendaria ez beste musikari guztiak zaletasun hutsez aritzen zirelarik eta urteko emanaldi egutegia loditzen zihoakienez, prestaketei nahiz saioei denbora gehiago eskaini beharrak eraginda, Bandak izendatuta zuen 625 pezetako laguntza mila pezetaraino igo zezala eskatu zioten Udalari. Honek, ordea, diru-laguntza 825 pezetaraino igo zien.

1909ko Malen Txiki egunean Bandako musikariek beren trebezia erakusteko aukera izan zuten. Udalak, Mutrikun eraiki zen portu berriaren egile Evaristo Txurrukaren, Mutrikuko kondearen, zein honen sendiko Trafalgarreko heroia izan zenaren omenez, antzinatik Arriturriaga plaza eta Iriarte kalea bezala ezagutu izan zirenak, Txurruka Plaza eta Konde kalea izenez bataiatzea erabaki zuen. Zenbait Txurrukatar kide ospetsu ere hurbildu zen ospakizun hauetan parte hartzera. Udal agintariek harrera egin ondoren, herriko kantari gazteek abesturiko Perossiren meza entzun eta alkatearen ohiko hitzaldia bukatzean, plazaren izen berria azaltzen zuen harria agerian jartzen ari zen bitartean, bandak, Millan Armeroren “ Zortziko Txurruka“ pieza “bikaintasunez“ jo zuen Jarraian, gauza bera egin zuten Konde kalea izena jartzen zuen harriarekin. Ospakizuna burutzeko, orain berritzen ari diren Plaza Txikin izandako herri bazkariaren amaieran, Bandak kontzertu ederra eskaini zuen, guztien artean Aranbarriren lan ezberdinen zatiz osaturiko pieza izan zelarik txalotuena.

1911ko udan, musikariek zerbait gehiago irabazi nahian, ordainsarien igoerarekin batera Bandaren arautegi berria idatz zedin eskatu zuten. Udalak adierazi zien 1912rako mila pezetako onarturiko diru kopurua, hemezortzi musikariz osaturiko bandarentzat baino ez zela, sei 1.go mailako, sei 2. mailako eta beste sei 3. mailako, guztiak azterketa bidez aukeratuak.

Nicanor Iturrino 1919an hil zen. Bandaren etorkizuna oinarri sendoetan finkatua utzita. Haren atzetik, Bandako nahiz Parrokiako organo-jole postuak bere seme Francisco Iturrinok (1892-1934) bete zituen. Esan behar, orobat, organista lekua betetzea zela eta, izan zela gorabeherarik udalaren eta eliz batzordearen artean. Horrenbestez, hirugarren belaunaldiak heldu zion bere aurrekoek ongi jorraturik utziriko ildoari.

Mutrikuko Musika Banda 1942an

Bere ibilian Bandaren egitura sendoturik, betebeharrak eta ardurak finkatuko zizkien beste arautegia idatzi zen 1922ko uztailean, 34 ataletan banatua. Bertan, urteko kontzertuen egutegia zehaztu zen; Alameda plazan (gaurko Beheko plaza), Kalbario jaietan eta urritik ekainaren amaiera bitartean, domeka arratsaldetan hamabostean behin, jai nagusienak barne, neguan lau pieza eta udaberri-udaldian bost joko ziren. Txurruka plazan, aldiz, uztailetik kalbarioak bitarteko domeka nahiz jai egunetan bost pieza izango ziren emanaldiko. Plaza Txikin, azkenik, Santiago, San Inazio eta abuztuko Ama Birjina egunetan. Goizeko emanaldiak ziren eta hiru pieza eskaini behar zituzten, bat beti kontzertukoa izango zelarik. Prozesio nahiz kalejiren egunak ere zehaztu zituzten. Garizuma zen atseden aldi bakarra. Zuzendariak 1500 pezetako soldata zuen eta 1.go mailako musikariei, berriz, eguneko 60 zentimo, 2. mailakoei, 45 eta 3. mailakoei 25 zentimoko ordainsaria onartu zizkieten. Udalak, gainera, 1750 pezetako laguntza eta partiturak erosteko 150 pezeta onartu zien. Gazteek, musika akademiako ikasle izateko, eskolatuak egoteaz gain, zortzi urtetik gora eta hamalau urtetik behera izan behar zuten. Arautegi honek 1932an eta 1935an egokitze ezberdinak ezagutu zituen. Jakinarazi behar, bestalde, gutxienez 1932az geroztik Banda 25 kidez osatu zutela, urte dezentez kopuru horretan jarraituz.

Francisco Iturrino 1934ko martxoan hil ondoren, Errepublikako tentsio politikoek urtebetez atzeratu zuten Bandaren zuzendari berriaren aukeraketa. Azkenik,1935eko martxoaren 16an, ezohiko bilkura izan zen. Jendez mukuru, giroa bero, sorturiko liskarrek bilkura bertan behera uztera eraman zuten Astebetera, lasaiturik, aurkeztutako hamasei hautagaien artean, Artaxonako Javier Goikoetxea nafarra izan zen aukeratua. Bost urte beranduago, ordea, honek utzi egin zuen zuzendari kargua Zarautzera joateko. Paco Arrietak (1907-2002), behin behineko zuzendari zelarik, tinko heldu zion betebehar berriari zaku lantegiko lana solfeoaren eta instrumentuaren irakaspenekin nahiz Bandaren zuzendaritzarekin uztartuz.

Mutrikuko Musika Banda 2008an

Behinola bezala, musikariek esku-sariak jasotzen jarraitzen zuten eginiko lanagatik eta, horrela, 1960ko hamarkadaren erdialdera, aldioro bezala, alkateari ordainsari horiek igo zitzala eskatzean, ezezkoa jaso zuten, Bandarako beste batzuk aurkituko zituela esanez. Alkateak Cecilio Pagoagari dei egin zion banda prestatzen joan zedin. Lehengo Bandako gutxi batzuek baino ez zioten baiezkoa eman, eta kide berri batzuk aurkituta osatu ahal izan zuelarik egitasmo berria. Urte gutxi batzuk bakarrik egin zituztenez, Udalak berriro Paco Arrietari deitu zion, eta honek, berarekin aritutako musikariekin hitz egin ostean, hamabost egunen buruan berriro ere Banda martxan jartzea lortu ahal izan zuen. 1970. hamarkadan, ordea, musika ikastera gazte gutxi batzuk besterik hurbiltzen ez zirenez, musikari kopurua murrizten joan zen Banda ahultze bidean jarriz.

Egoera ikusirik eta aita adinean aurrera zihoanez, Pacoren seme Agustin Arrietak, Banda biziarazteko lekukoa hartu zuen, aita joaldiak zuzentzera mugatuta. 1980ko lehen urteetan gazte batzuei deitu zien, tartean lehen aldiz neskak ere bazirela. Prestaketetan aritu ondoren jotzen hasi zirenean, arnas berritze horren lehen printza pozgarriak antzeman ahal izan ziren. Aldi berean, urte batzuetarako iraupena ziurtatzeko asmoz, Narrupe musikal sortzea erabaki zuten izen bereko elkartearen babesean. Esan behar, baita ere, 1980ko erdialdera, herriko musika eskola lehen urratsak ematen hasia zela. Urte gutxitan, inoiz pentsa ezin halako musikari gaztez hornitu zen Banda, mutil nahiz neska. Udalak, 1990ko irailean, banda zuzendu eta musikari emari guzti hau hara behar bezala bidera zezan Agustin Arrieta kontratatu zuen. Eta denok dakigu, 2009an jubilatu arte, Agustin Arrieta zenak egin zuen lan guztia eta utzi zuen oinordea.

Zorionez esan dezakegu eta pozik esan ere, maila handiko Banda dugula herrian, eta hasi berri den XXI. mendeko ibilian, hamaika sentimendu ezti bizitzeko aukera eskainiko digutela. Mutrikuarrok ondare ederra jaso dugu, zaindu eta maita dezagun.

JOSE ANGEL LIZARDI