2012/11/20 | Posted in: Kontzertuetako abestiak

Musika konposaketa eta margolan ezagun asko dira subjektu beraren inguruan egin direnak. Beste kasu batzuetan, margolanari berari musika jarri izan zaio. L’Arlesienne lehenengo multzoko adibide argi bat da. Lehenik Bizet-ek konposatu zuen 1872an eta ondoren Van Gogh-ek marraztu zuen 1888an. Bide batez, kontzertuko kartelaren esanahia ulertu ahal izango duzue.

L’Arlésienne edo Madame Ginoux-en erretratua Vincent van Gogh-ek marraztutako sei irudiri emandako titulua da. 1888ko azaroan Arles-en eta 1890eko otsailean Auvers-en marraztu zituen. L’Arlésienne “lar lay zyen” ahoskatzen da eta “Arleseko emakumea” esan nahi du.

Irudian agertzen den emakumea, Marie Jullian, Arlesen jaio zen 1848ko ekainaren 8an eta leku berean hil zen 1911ko abuztuaren 2an. Joseph-Michael Ginoux senargaiarekin ezkondu zen 1866an eta elkarrekin ireki zuten Café de la Gare ezaguna Place Lamartineko 30 zenbakian. Van Goghek bertan hartu zuen ostatu 1888ko maiatza eta iraila bitartean.

Ordura arte, Van Gogh eta M. eta Mme. Ginoux-en arteko erlazioa funtsean komertziala zen, baina Gauguin artistaren etorrerak guztia aldatu zuen. Bere gizontasunak guztiz liluratu zuen 40 urteko emakumea eta 1888ko azaroaren lehen egunetan erretratatua izateko eskaerari baiezkoa eman zion. Ordu beteren barruan Gauguin-ek ikatzezko marrazki bat egin zuen eta denbora berean Van Gogh-ek ezaguna den artelana gauzatu zuen.

Gaur egun Pariseko Musée d’Orsayren aurkitzen da. Hala ere, bada bigarren bertsio bat Van Gogh-ek marraztua 1890ean eta New Yorkeko Metropolitan Museumen aurkitzen dena. Bertan, eskularruak eta euritakoa liburu batzuengatik ordezkatu zituen.

Santa Zezilia kontzertuko kartela, non Van Gogh-en margolana ageri den

Bestalde, L’Arlésienne Georges Bizet-ek konposatu zuen eta 1872ko urriaren 1ean taularatu zen lehen aldiz Vaudeville Antzokian (gaur egun Paramount Antzokia modura ezaguna dena), duela 140 urte hain zuzen ere. 27 zatiz osatua dago, ahotserako, kororako eta orkestrarako egina eta Alphonse Daudet-en novela batean oinarritzen da.

Gure kasuan interpretatuko dena bigarren suitea izango da. Suite hau Ernest Guiraud-ek konposatu zuen 1879an, Bizet lau urte lehenago hil baitzen. Guiraud-ek Bizet-ek utzitako oinarrizko doinuak erabili zituen (nahiz eta guztiak ez izan L’Arlésienne obrakoak). Hala ere, bigarren suite hau ere Bizet-ekin lotu ohi da berak idatzi baitzituen doinu eta orkestrarako moldaketak.

Suite honek lau mugimendu ditu: Pastorale, Intermezzo, Menuet eta Farandole.

Hasieran metalek sarrera moduko bat egiten dute, egurrezko instrumentuek melodiarekin jarraituz. Melodia hau hainbat zatitan errepikatzen da lehen mugimendu honetan zehar. Azkenik, hasierako doinura itzultzen da eta lehen mugimendua amaitzen da.

Bigarren mugimendua tonu grabeekin hasten da eta tronpa eta tronboiek jarraitzen diete. Guiraud-ek hamabi konpas gehitu zituen bukaeran.

Menuet-ean, izatez The Fair Maid of Perth operakoa (1866) dena eta ez L’Arlesienne-koa, flauta agertzen da bakarlari gisa eta beranduago saxofoi tenorea eta klarinete baxua gehitzen zaizkio (jatorrizko bertsioko ahotsen ordez). Hau da mugimendurik leun eta sentikorrena.

Azkenik Farandole dago, March of the Kings edo Erregeen Martxa gehitzen duena berriro ere. 22-24 zenbakien konbinaketa bat  da, non farandolea ageri den lehendabizi. Bukaeran biak nahasten ditu. Ondorengo loturan ikus dezakezue azken zati hau:

L’Arlésienne (Suite nº2): Farandole

Be the first to comment.

Leave a Reply

*



Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>