2012/06/25 | Posted in: Kontzertuetako abestiak

Juan Crisostomo Arriaga Bilbon jaio zen 1806ko urtarrilaren 27an. Juan Simon de Arriagak, bere aita eta lanbidez organo jolea, txikitatik hezi izan zuen musikaren munduan. Gaitasun handiak zituela ikusirik, laster aurkitu zion musika irakasle bat, izenez Faustino Sanz, garaiko biolin jole ezaguna zen. Apur bat beranduago, bakarrik 11 urte zituela, bere lehen obra konposatuko zuen, “Nada y Mucho” izeneko okteto bat.

Bi urte beranduago, 13 urterekin, bere lehen opera idatzi zuen: “Los Esclavos Felices”, Opera Gauean lehendabizi interpretatuko dena hain zuzen ere. Hau 1820 urtean atera zen eszenatokietara lehendabiziko aldiz Bilbon; eta erabateko arrakasta izan zuen. Hau dela eta, bere aitak Pariseko kontserbatoriora bidaltzea erabaki zuen bere ezagutzak osotzera, Arriagak oraindik 15 urte besteri ez zituenean.

Los Esclavos Felices

Parisen garaiko musikari handiekin batera aritu zen. Biolinean Pierre Baillot izan zuen irakasle, armonian François-Joseph Fétis eta kontrapuntuan Luigi Cherubini. Kontserbatoriora iritsi eta hiru urtetara Fétisek irakasle laguntzaile izendatu zuen bere armoniako klaseetan.

Urte hauetan zehar konposatzen jarraitu zuen. Parisen idatzitako lehen obra “Et vitam venturi” izan zen, zortzi ahotsetarako fuga bat. Ondoren hiru sokarako kuarteto idatziko zituen, Fétisen gorespen guztiak eramango zituztenak.

1826 urte hasieran biriketako infekzio bat harrapatu zuen, eta honen ondorioz hil zen 1826ko urtarrilak 27an 19 urte besterik ez zituela. Heriotzaren ondoren, kutxa bat bidali zitzaion bere aitari Bilbora. Kutxan bere biolina eta eskuizkribuak zeuden. Kutxa hau ganbara baten ahaztua izan zen urtetan, bere oinordeko zen Emiliano de Arriagak, euskal mugimendu nazionalistan murgildurik, argitara atera zuen arte. Arriaga Antzokiaren sorrerarekin batera, bere izenari eta bere obrei bultzada berri bat ematea lortu zuten.

Bakarrik 23 obra konposatu zituela uste da, nondik zati handi bat galdu egin den. Beste batzuk Arriaga Antzokian daude gordeta, inoiz argitaratu gabeak izan direlarik. Bere musika estiloa Haydn edo Mozarten tradizio klasikoaren eta Rossini edo Schuberten erromantizismoaren artean aurkitzen da, hainbat berrikuntza eta freskotasun jakin bat txertatuz.

Beraz, orain badakizue Bilboko antzoki ezagunenaren izena nondik datorren. Eta garrantzitsuagoa dena, orain badakizue Euskal Herrian ere izan zela norbait, ez Mozart bezain ezaguna, baina bai Mozartek haina mirespen izan zuen musika-konposatzaile bat. Bere obertura gertutik ezagutu nahi baduzue gertura zaitezte larunbat honetan izango den Opera Gauera. Hau eta beste hainbat opera zati entzun ahal izango dituzue bertan.

Be the first to comment.

Leave a Reply

*



Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>