Udaberriko kontzertua Korrika egunean

2013/03/15 | Posted in Albisteak | By

Udaberriko kontzertuko kartela

Aurtengo Udaberriko kontzertuak Korrika 18rekin topo egin du. Hau dela eta, kontzertu hau Korrikako egitarauaren barruan ospatuko da. Beraz, musika zaleok badaukazue egun honetarako denbora-pasa apropos baterako aukera.

Hala ere, kontzertu honek berritasunen bat baino gehiago izango ditu. Izan ere, lehenengo aldiz kontzertua Atxukale azpian edota “Xiri gunean” ospatuko da. Herrian zehar eszenatoki berriak aurkitu nahian ibili gara beti eta aukera apropos bat aurkitu dugu azkenean. Gainera, Korrika igarotzen dela eta, euskalakari eta euskarazaleen festa bilakatuko da eguna; eta zer aproposagoa kontzertua Xiri gunean ospatzea baino…

Xiri gunea

Martxoaren 23an, arratsaldeko 7retan, zu ere bertan izango zarela espero dugu. Ea eguraldiak laguntzen digun eta Atxukale, goitik-behera, jendez beterik ikusteko aukera izaten dugun.

Read More...

The Berliner Philharmoniker’s Digital Concert Hall

2013/02/25 | Posted in Musika bitxikeriak | By

Gaur egun ia kontzertu guztiak ikus ditzakegu Internet bidez etxetik mugitu beharrik izan gabe. Agian, youtube da ezagutzen dugun Interneteko ataririk ezagunena, baina badira beste hainbat ere. Oraingo honetan, Berliner Philharmoniker orkestra ezagunaren ataria gomendatu nahi dizuegu musika klasikoaren zale zaretenoi.

Berliner Philharmoniker Berlin sortu zen 1882an eta gaur egun Europan ospe handienetarikoa duen orkestra da. Besteak beste, Herbert von Karajan edota Claudio Abbado zuzendari handiak izan ditu batuta eramaile gisa urte guzti hauetan.

2008ko abenduan orkestrak Digital Concert Hall atariaren sorreraren berri eman zuen. Honen bidez, mundu guztiko musika zaleek orkestra honen berri izan dezakete eta honen kontzertuak ikusi eta entzun kalitaterik onenean. Hala ere, gaur egungo zerbitzurik gehienak bezala, hau ere ez da dohainik. Kontzertu hauetaz gozatu nahi duenak 48 ordukako, hileko edo urteko kuotak ordaindu beharra dauka, 9,90 €, 29 € eta 149 € hurrenez hurren.

Baina ez dizugu ordaindu beharreko zerbait gomendatu nahi. Izan ere, badira atari honetan dohainik ikus daitezkeen hainbat kontzertu eta elkarrizketa ugari. Horretarako egin behar den bakarra erabiltzaile gisa erregistratzea da. Horrela, musika-hezkuntzarekin zerikusia duten kontzertuak debalde ikusi ahal izango dituzu: kontzertu pedagogikoak, master-class edota entseguak zuzenean; guztiak ingelesez edo ingeles azpi-tituluekin (alemanez) jakina.

Beraz, youtuben ikus ditzakezuen bideoez gain, gehiago nahi baduzu honako helbide hau bisita dezakezu:

http://www.digitalconcerthall.com/

Erabiltzaile gisa erregistratzeko:

http://www.digitalconcerthall.com/en/register

Read More...

Nazareno Eguna

2013/01/17 | Posted in Kontzertuetako abestiak | By

Urtero bezala, arrantzaleen betiko ohitura zaharrei jarraituz eta hotz eta euriari aurre eginez, Nazareno Eguneko kontzertua eskainiko du Mutrikuko Musika bandak igande honetan, hilak 20, eguerdiko ordu batean. Kontzertua Zabiel Plazan izango da baina euria egingo balu, eta seguruenik egingo du, kontzertua Zabiel Kultur Etxeko ganbaran izango litzateke.

 

Ohitura den bezala, goizeko hamar t’erdietan kalejiran abiatuko da Mutrikuko Musika Banda Goiko Plazatik Komenturaino. Bertan, urteak joan eta urteak etorri, Meza Nagusia ospatzen da goizeko 11etan. “Mutrikuko marinelen artean oso handia da Nazarenoarenganako sinesmena. Eskaintza eta eskari asko egin izan dizkiote. Konparaziotarako, denboraldiak itsasoan harrapatu eta larri zeudenean Jesus Nazarenoari zuzentzen zizkioten beraien errezoak. Askoren ustetan, Komentuan Jesus Nazarenoari ereserkia eta agurra (“himnua ta salbia”) ateraz gero ez zen galtzen herriko arrantzalerik itsasoan” [kalaputxi]. Ikusten denez, ohitura zaharrek badute lotura musikarekin herri honetan.

Meza ondoren, eguerdiko 12ak aldera, berriz abiatuko da banda kalejiran Komentutik Goiko Plazaraino. Azkenik, eguerdiko ordu batean Nazareno eguneko kontzertua eskainiko du Mutrikuko Musika Bandak Zabiel Plazan (euria bada Zabiel Kultur etxeko ganbaran). Bertan sarrerako pasodobleaz gain, Guridiren El Caserioren hainbat doinu edota Paganini, Morricone edo Louis Armstrong musikarien zenbait moldaketa eskainiko dira.

Musika gustoko baduzue animatu zaitezte igande honetan gure kontzertua entzutera, gustu handiz hartuko zaituztegu!    

 

2012ko Nazareno Eguneko kontzertua

Read More...

Intxaur-hauskailua (II)

2012/12/18 | Posted in Musika bitxikeriak | By

Pasa den astean Intxaur-hauskailua edo El Cascanueces baletaren inguruan hitz egin genizun. Gaur, kasualidadez, 120 urte betetzen dira balet hau taularatu zutela. Izan ere, 1892ko abenduaren 18an estreinatu zen San Petersburgo-ko Mariinski antzokian Tchaikowsky-ren Yolanta izeneko beste opera batekin batera. Oraindik ez dakigu zihur nork zuzendu zuen lehen emanaldi honetarako koreografia. Sarritan Lev Ivanovekin lotu den arren, badirudi Marius Petipak sortu zuela.

Konstantin Ivanov-en marrazki originala 1892ko estreinaldirako

Errusiatik kanpo ez zen 1934 urtera arte antzeztu. Lehen emanaldi hau Ingalaterran izan zen eta Nicholas Sergeyevek sortu zuen koreografia Petiparenean oinarrituz. Estatu Batuetara, aldiz, 1944an iritsi zen San Franciscoko Baletaren eskutik eta Willam Christensen zuzendari gisa. Nueva York-eko Baletak 1954an The Nutcracker antzerkirako muntaia aurkeztu zuen George Balanchinen zuzendaritzapean. Honen ondorioz, Eguberritan balet hau dantzatzeko ohitura zabaldu zen Estatu Batuetan.

Aurreko aldian “Loreen baltsearen” inguruan hitz egin genizun. Oraingoan beste zati ezagun batekin gatoz: Lehengo ekitaldiko hirugarren eszena den “Petit galop des enfants et entrée des parents”. Gainera, euskaldunok beste dantza mota batekin lotzen genuela esan genizuen. Ikus ezazue, ea zer iruditzen zaizuen:

Euskal Herrian “Euskaldunak” izenez ezaguna den dantza bateko doinua da. Dantza hau iparraldean dantzatu ohi da baina izatez Euskal Herri osoan da ezaguna. Ikus ezazue ondorengo bideoa eta zeuek epaitu elkarren artean dituzten antzekotasunak:

Beraz, iparraldekoek beraien dantzarako moldatu zuten abesti hau edo Tchaikowsky-renganaino iritsi ziren dantzarako doinu hauek eta baleterako moldaketa bat idatzi zuen. Badakigu balet hau duela 120 urte estrenatu zela, baina zenbat urte daramatzagu euskaldunok dantza hau dantzatzen? Eztabaida honek betikora garamatza, zer izan zen lehenago, arrautza edo oiloa? “Euskaldunak” ala “Intxaur-hauskailua”?

Read More...

Intxaur-hauskailua (I)

2012/12/14 | Posted in Kontzertuetako abestiak | By

Gabonak gertu ditugun honetan, vals eta baletetarako joera handia izaten da. Ezagunak izaten dira oso Errusiar Baletak, eta urtero izaten dira mota honetako ekitaldiak Euskal Herrian. Vienan ospatzen den Urte Berri Eguneko kontzertuak ere vals, polka eta martxa asko eskaintzen dizkigu. Hala ere, euskaldunok baditugu gure gabon abestiak. Baina guk ere Eguberriak eta baleta kutxa berdinean sartzen al ditugu?

Europan tradizio handia dago eta honen berri eman nahi dizuegu. Agian, ezagunena “Beltxargen aintzira” edo “El lago de los cisnes” litzateke, Tchaikowsky-k 1877an idatzia. Baina oraingoan beste balet baten inguruan arituko gara, “Intxaur-hauskailua” edo “El cascanueces”.

Suite honen zatiak honako hauek dira. Suitea mugimendu laburrez osatutako lan musikala da eta jatorriz barroko dantzaz osatuta egoten da.

    • Obertura (aurkezpena)
    • Dantzak:
      • Martxa
      • Azukrezko maitagarriaren dantza
      • Dantza errusiarra
      • Dantza arabiarra
      • Dantza txinatarra
      • Txirulen dantza
    • Loreen baltsea

 

 

Denbora tarte bat duzuenean balet hau ikusteko proposamena luzatzen dizuegu, eta bide batez, ariketa bat proposatu.

 

Balet honetako zatirik ezagunena “Loreen baltsea” edo “El vals de las flores” da. Baina bada beste zati bat ere guretzat oso ezaguna dena. Agian, beste dantza mota batekin lotu izan ohi dugu. Badakizue zertaz ari garen?

Erantzuna hurrengo astean emango dizuegu, bitartean bideoa ikus ezazue eta ea identifikatzen duzuen zeri buruz ari garen hizketan.

Read More...